Historian zehar, aldizkarien artean, Olerti izan dugu osotasunean,
kalitatez eta kantitatez gorengoa; olerki arloan, euskal literaturaren
gailurrean izan dugu.
Santi Onaindia dugu aldizkariaren sortzailea (1959) eta
zuzendaria. 1969. urtera arte bere bidea jarraitu zuen, eta gero
isilunea 1980. urtera arte. Azken zenbakia 1991. urtean argitaratu zen.
Santi Onaindia, Karmel aldizkariaren zuzendaria zen, eta Karmelen
beti agertzen ziren olerki batzuk. Baina 1959an literaturako aldizkari
berria sortu zuen, bereziki Euskal Herri osoko olerkarientzat
maitagarri gertatuko zena. Santik ikusten zuen nola beste nazioek ere
literaturaren bidez, eta bereziki olerkien bidez nazioen kultura
berpizteko era egokia zela, bai antzina eta bai gaur egun... Olerti, Gobernuaren baimenik ez zuela izango eta, Karmel aldizkariaren gehigarri bezala agertzen hasi zan: “Olerti. Iru illabeteroko Aldizkaria (Suplemento poético de Karmel)”.
Eta lehenengo zenbakian agertzen ziren, besteen artean, G.
Aresti, Laspiur, San Martin, Luis Muxika, “Ayalde” A. Zubikarai, G.
Manterola, S. Onaindia, etab., baita beste nazioetako olerkari handien
itzulpenak ere: Gabriela Mistral, R. Tagore, Schelley, F. García Lorca,
Bergili, etab.